Hilabetez hilabete josten ibilitako ametsari ekin zioten 1986an “Azpeitia-Annapurna 1986” espedizioko kideek. Abentura hutsa, zentzurik sakonenean: soilik azpeitiarrez osatutako espedizioak, oxigeno artifizialik eta xerpen laguntzarik gabe, hatz puntekin 8.000 metro ukitzen dituen mendira igotzeko helburua zuen. 16mm-ko filmetan abenturaren nondik norakoak ekarri zituzten bueltan, eta dokumentala estreinatu zuten bi urte geroago. Orain 1986an ekarritako altxor hau digitalizatu dugu, altxorrak dastatzeko baitira, gordeta edukitzeko baino gehiago.