MIÑAN IRRATI SOLASALDIA

Duela bost urte Miñan liburuak argia ikusi zuenean, txundituta utzi gintuen Ibrahima Balderen historiak, eta historia hori idatzira ekarri zuen Amets Arzallusi deitu genion: Amets, Ibrahimaren Europarako bidaia kontatu duzue liburuan, baina hemen, hemen nola bizi da? Irunen hartu genuen trena Madrilerako, eta trenean kontatu zigun Ametsek Irungo Harrera Sarean ezagutu zuela Ibrahima, eta ikaragarria egin zitzaiola historia hasieratik, berezia, eta elkarrizketaz elkarrizketa harreman bat, mugimendu bat joan zela sortzen euren artean, eta horrela jaso zuela idatziz Ibrahimak ahoz kontatua. Madrilen grabatu genituen Ibrahima eta Amets, baina grabatu ez genuena geratu zitzaigun gogoan, bidaia laburra izanagatik: afaria, Ibrahimaren begiak, eta grabaziorako liburu bat behar genuela konturatuta hotelera joan ginela, eta heltzean, denon harridurarako, Ibrahimak motxilatik atera zuela bere alea: beti aldean daramat. Argazkiak egin genituen metro geltokian agurtu aurretik, geuretzako ordea, ez argitaratzeko. DAPA batean jaso genuen Miñan liburuaren sorrera, Ametsen eta Ibrahimaren arteko adiskidetasuna, nola bizi zen orduan Ibrahima Europan, eta geu ere mugimendu horren parte sentitu ginen nolabait. Gerora, geu ere poztu gara Miñan beste hainbat hizkuntzara itzultzeko bidean ikustean, bai eta itzulpenek egin duten bideaz jakitean ere. Halaber, poztu ginen jakin genuenean Artedramak antzerkira eraman behar zuela liburua. Orain, liburua argitaratu zela bost urte bete direnean, Soreasu Antzokian Miñan antzezlana ikusteko zoria izango dugu, azaroaren 1ean, Azpeitiko Antzerki Topaketen baitan.

 

Artedramak irailean sormen egonaldia egin zuen Soreasun, eta dena batzen zela ikusita, denak bildu eta solasaldi bat egitea okurritu zitzaigun Kulturaz kooperatiban, eta halaxe antolatu genuen irratirako solasaldi hau. Amets Arzallus bera, liburua inglesera itzuli eta antzerkirako moldatu zuen Timberlake Wertenbaker, antzezlana zuzendu duen Ander Lipus eta Ibrahimaren papera jokatu duen Sambou Diaby aritu dira solasean, Arantxa Iturbek gozo gidatuta. Soreasu Antzokian bertan egin genuen, oholtzan, ikustera eta entzutera etorri nahi zuen jendeari irekia. Hemen duzu entzungai, opari bat, solasaldiak eman zuena.

Sortzailea

Antzerki Topaketak, Kulturaz

 

Data

2024.10.19

 

Lekua

Soreasu Antzokia

 

Fitxategi mota

Audioak (1)

 

Iraupena

50:34 + 48:11

 

Creative Commons lizentzia
Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.