MIÑAN IRRATI SOLASALDIA

MIÑAN IRRATI SOLASALDIA

MIÑAN IRRATI SOLASALDIA

Duela bost urte Miñan liburuak argia ikusi zuenean, txundituta utzi gintuen Ibrahima Balderen historiak, eta historia hori idatzira ekarri zuen Amets Arzallusi deitu genion: Amets, Ibrahimaren Europarako bidaia kontatu duzue liburuan, baina hemen, hemen nola bizi da? Irunen hartu genuen trena Madrilerako, eta trenean kontatu zigun Ametsek Irungo Harrera Sarean ezagutu zuela Ibrahima, eta ikaragarria egin zitzaiola historia hasieratik, berezia, eta elkarrizketaz elkarrizketa harreman bat, mugimendu bat joan zela sortzen euren artean, eta horrela jaso zuela idatziz Ibrahimak ahoz kontatua. Madrilen grabatu genituen Ibrahima eta Amets, baina grabatu ez genuena geratu zitzaigun gogoan, bidaia laburra izanagatik: afaria, Ibrahimaren begiak, eta grabaziorako liburu bat behar genuela konturatuta hotelera joan ginela, eta heltzean, denon harridurarako, Ibrahimak motxilatik atera zuela bere alea: beti aldean daramat. Argazkiak egin genituen metro geltokian agurtu aurretik, geuretzako ordea, ez argitaratzeko. DAPA batean jaso genuen Miñan liburuaren sorrera, Ametsen eta Ibrahimaren arteko adiskidetasuna, nola bizi zen orduan Ibrahima Europan, eta geu ere mugimendu horren parte sentitu ginen nolabait. Gerora, geu ere poztu gara Miñan beste hainbat hizkuntzara itzultzeko bidean ikustean, bai eta itzulpenek egin duten bideaz jakitean ere. Halaber, poztu ginen jakin genuenean Artedramak antzerkira eraman behar zuela liburua. Orain, liburua argitaratu zela bost urte bete direnean, Soreasu Antzokian Miñan antzezlana ikusteko zoria izango dugu, azaroaren 1ean, Azpeitiko Antzerki Topaketen baitan.

 

Artedramak irailean sormen egonaldia egin zuen Soreasun, eta dena batzen zela ikusita, denak bildu eta solasaldi bat egitea okurritu zitzaigun Kulturaz kooperatiban, eta halaxe antolatu genuen irratirako solasaldi hau. Amets Arzallus bera, liburua inglesera itzuli eta antzerkirako moldatu zuen Timberlake Wertenbaker, antzezlana zuzendu duen Ander Lipus eta Ibrahimaren papera jokatu duen Sambou Diaby aritu dira solasean, Arantxa Iturbek gozo gidatuta. Soreasu Antzokian bertan egin genuen, oholtzan, ikustera eta entzutera etorri nahi zuen jendeari irekia. Hemen duzu entzungai, opari bat, solasaldiak eman zuena.

Sortzailea

Antzerki Topaketak, Kulturaz

 

Data

2024.10.19

 

Lekua

Soreasu Antzokia

 

Fitxategi mota

Audioak (1)

 

Iraupena

50:34 + 48:11

 

Creative Commons lizentzia
Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

DAPA 09 | Miñan

DAPA 09 | Miñan

DAPA 09 | Miñan

Miñan argitaratu eta hiru hilabete geroago, Amets Arzallusek Ibrahima Balderengana Madrilera egindako bisita bat du oinarri ikus-entzunezko honek. Ibrahima Balderen egunerokoa azaldu eta, bide batez, liburuaren nondik norakoez, ahozko literaturaz eta migranteen aferaz hausnartzen da bertan. Ibrahima Balde Gineako Konakryn jaio zen 1994an. Kamioi gidari izateko aprendiz ibili zen hiru edo lau urtez. Egun batean amak deitu zion arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea egin zuen. Irunen, bertako Harrera Sarearen bidez, Amets Arzallus ezagutu zuen. Ibrahimak bere bidaia kontatu zion, eta Ametsek idatziz jaso. Horrela sortu zen Miñan. Gaur egun, Madrilen mekanika ikasketak egiten ari da. Amets Arzallus Antia Hendaian jaio zen 1983an. Bertsolaria da, baina tarteka kazetaritza eta idazle lanetan ere ibiltzen da. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen eta txapeldunorde izan zen 2009an. Irungo Harrera Sarean boluntario lanetan ari zela ezagutu zuen Ibrahima Balde. Honek ahoz kontatua idatzira ekarri du Miñan liburuan.

Sortzailea

Amets Arzallus

 

Data

2020.03.18

 

Lekua

Dinamoa sormen gunea

 

 

Fitxategi mota

Bideoa

 

Iraupena

21:53

 

Creative Commons lizentzia
Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.