Laugarren urtez jarraian, trikiti eta pandero doinuek hartu zituzten Azpeitiko Alde Zaharreko kaleak eta plazak urriaren 19an, Trikigiro jaialdiaren eskutik. Urola Erdiko dozenaka trikitilari eta pandero-jotzaile elkartu ziren, ume, gazte eta heldu, ikasle eta irakasle, beren instrumentuak astinduz bazterrak girotzeko. 20:00etan plazan elkartu ondoren, hantxe jo zituzten aurreneko piezak, Erdikalean behera kalejiran abiatu aurretik. Perez Arregi plazan egin zuten hurrengo geldialdia; eta atzera plazara bidean, Erdikalean gora eginda, Plaza Txikian ere egin zuten geldialdia. Kaleak musikaz bete ostean, Sanagustin kulturgunean elkartu ziren 160 lagun afaltzeko, eta sabelak beteta, erromeria egin zuten bertan.